Maiatzaren Lehena eta proletariotzaren betebehar iraultzaileak

Krisia!, pandemia!, heriotza!, krisi gehiago!, gerra!, heriotza gehiago! Mundu kapitalistak krisi iraunkorreko gainbeherako panorama eskaintzen digu. Eta hau da XX. mendean zehar bere etsai komunistatik behingoz askatu ondoren burgesiak sortu nahi zuen mundua! Hau da burgesiak eskain diezakeguna! Hauxe da “historiaren amaiera”... zeina orain kapitalaren soldatapeko komentarista eta tertuliakideak presaka berrikusi, zehaztu eta barregarri utzi nahi duten. Egiaz, aurrean dugun gordintasuna ez da “historiaren amaierarena”, baizik eta proletariotza internazionalak abiarazi zuen lehen ziklo iraultzaile handiaren bukaera eta porrotarena. Klase hori aldagai ekonomiko bat gehiago izatearen normaltasun historiko grisera itzuli da, etengabeko krisian eta miseria iraunkorrean hondoratua. Kapitalaren jazarraldi aseezinek astindua eta burgesia desberdinek mundua banatzeko darabilten eraso-gerra inperialistek sarraskitua. Hainbesteraino da kapitalaren erabateko garaipen orokorra egungo abagune historikoan, non mendebaldeko bloke inperialistaren arerio berriak antzinako ezagunak eta aliatuak baino ezin diren izan... hala nola Errusia eta Txina bezalako herrialde sozialistetako burgesia burokratiko berriak, Munduko Iraultza Proletarioaren aurkako azken erasoaldian zehar, diru eta droga gogorrekin, paradisu fiskalekin eta mafiekin, lausengatuak eta suspertuak. Horrela, badirudi klase-etsaiaren knock-outak epilogo gisa Hirugarren Mundu Gerra honezkero iragarria duela. Hau da zure mundua, zure umekia, burgesia!

Maila guztietako krisi baten erdian bizitzen ari garen beste Maiatzaren Lehen honetan, proletariotzaren interes komunak eta unibertsalak are argiago agertzen zaizkigu. Baina, aldi berean, are modu tragikoagoan aurkezten da gure klasearentzako etorkizun emantzipatzaile eta ortzi-muga iraultzaile eza. Hain da handia inperialismoak bizi duen krisi orokorra, ezen erreformaren bidea, alternatiba emantzipatzaile gisa edo “indar-metaketa” gisa, itxita baitago duela mende bat baino gehiagotik. Izan ere, gaur egun ez dago bestelako mundu bat imajinatu (are gutxiago eraiki) dezakeen erreforma-horizonterik. Eguzkiak irteteari edo haizeak putz egiteari uztea bezain ezinezkoa da. “Kudeaketa hobe” baten irrika baino ez litzateke geratuko... alegia, krisiaren “kudeaketa hobea”, pandemiarena, kolonia ohiena?, gerrarena? Ministroen kontseilutik (consejo de ministros y ministras delakoa) zentral sindikal eta oinarriko asanbladatara, erreformismo moreak eta errebisionismo “komunistak” —feminista eta sozialtxobinistak— Estatu kapitalistaren engranaje osoa koipeztatzen dute. “Guk hobeto egingo genuke”! Hauxe da erreformismoaren eta haren ume errebisionisten bide jada aski ezaguna: munduko proletariotzarentzat krisi- eta heriotza-mundu den hau tinkatzea.

Burgesia handiak aspaldiko ezagun eta mamuekin borrokan jarraitzen duen bezala, abangoardia komunistaren gehiengoak iragan mende osoa iraultzaz josi zuen paradigma zaharraren gatibu jarraitzen du. Errebisionismoak —burgesiaren ezker hegala eta ildo burgesa abangoardia eta langile-mugimenduan— itsututa jarraitzen du eraginkortasunik gabeko eskema berberetan: “krisiak klasea erradikalizatu eta iraultzaren metxa piztuko du”. Tartean pandemia bat eta azken hamarkadan hamaika eraso-gerra inperialista gehituz (Libiatik Ukrainara, Siriatik edo Yemendik pasatuta, adibidez), espektatibak itxaropentsuak izan beharko lirateke iraultza-saltzaile hauentzat. Norberaren eginkizun iraultzaileak miseria proletarioaren esku uztea! A zer abangoardia! A zelako garaiak! Baina ez dira hauek berekin benetako irakaspenak dakartzaten krisiak. Hauexek Urriko Ziklotik (1917-1989) eratortzen dira: krisiek ez dute iraultza hurbiltzen, baizik eta erreakzioa tenkatzen eta erradikalizatzen dute. Gerra arteko garaiaren (orain modan dagoen erreferentzia ministro ohi aurrerakoi eta iritzi emaile berri-berrientzat) funtsezko irakaspena da hau. Subjektu iraultzailearen tenkatzea (eraikuntza bera!) beste nonbaitetik dator, abangoardiaren politikatik, alegia. Orain, piztia arrearen berragerpenagatik (¡Pedro eta otsoaren elezaharra dirudi!) eta fronte demokratikoen, bloke sozialisten eta batasun antifaxistaren beharragatik, zeruari deiadarrez hastea burgesiaren fakzio batekiko edo bestearekiko mendekotasun eta segidismoaren beste erakusle bat baino ez da. Hain zuzen, honetan ere Urriko Ziklotik ikasgai baliotsua atera dezakegu: klase independente eta iraultzaile gisa eratutako proletariotzak soilik —Sobietar Batasunean eta Txinan— garaitu ahal izan zuen nazi-faxismoa... bai eta burgesia demokratikoa ere.

Hala ere, estrategia iraultzailerako ikasgai horien inguruko jarduera teorikoa bera ere —Urriko Zikloaren Balantzea— baztertu egiten da, modu friboloan, “praktikaren”, “ekintzaren”, premia larria aldarrikatuz. Baina iraultza ez da neurrira diseinatutako self-service bat. Bere zeregin objektiboak ditu. Hauxe da, hain zuzen ere, Urriko Zikloko Balantzearen azken helburua: proletariotza klase iraultzaile gisa berriro ere eratzea, Alderdi Komunista gisa. Balantzeak bokazio praktiko hori du oso-osorik, eta orain abangoardiaren artean beharrezko praxi bezala hedatzen da, prozesu iraultzailearen lehen etapa oso bat betez komunismoaren birsorkuntza ideologiko eta politikoa amaitu arte. Munduko Iraultza Proletarioaren ziklo berri eta behin betikoa ireki ahal izateko lehen baldintza da gure prestakuntza ideologiko-politikoa Urriko Zikloak irekitako ikasgaietara eta zereginetara egokitzea. Ideologikoki berrarmatutako abangoardia eta klaseko masen arteko fusio sozialak (Alderdi Komunista bezala) gizarte komunista berriaren zeregin globalak planteatzen hasteko aukera emango du, burgesiaren eta bere munduaren aurkako Herri Gerratik abiatuta garatuz.

Europan emandako eraso-gerra inperialista berriaren aurrean, egiaztatu ahal izan dugu, bata zein bestea bakezaletasun eta nazionalismo lotsagarrian murgildurik, nola proletariotza iraultzailearen estrategia militar unibertsala desagertuta dagoen abangoardia komunistaren arteko eztabaidetatik. Hori horrela da, hain zuzen ere, bere estrategia politikoak ere ez duelako arreta eta orientazio zuzenik jasotzen egungo mundu-mailako lur-jotze baldintzetan, zeinek plan iraultzailearen lehen zeregin oinarrizkoenei berriro ekitea eskatzen duten. Hemendik hari gorritik tiraka hasi behar dugu, azkenean mundu honi gerra iraultzailea planteatu ahal izateko eta komunismoa alternatiba zibilizatzaile gisa eraikitzeko.



Behera inperialismoa eta bere gerrak!

Gora internazionalismo proletarioa!

Komunismoaren birsorkuntza ideologiko eta politikoaren alde!